Garapenerako Lankidetza Egitasmoak deialdia ireki da
Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduan, gizarte zuzenago eta solidarioagoaren aldeko apustutik, eta gure Idearioak eta Eredu Ekonomikoak jasotzen dutenarekin bat, honako oinarri hauek aurkezten ditugu aurtengo aurrekontu-partidaren jasotzaile izango den garapenerako lankidetza egitasmoaren aurkezpen eta hautaketarako prozesua errazteko asmoarekin.
Aurtengo partida berezia dela gogoratu nahi dugu; hain zuzen, aurrekontuan jasotako diru-kopurua gehi emaitza positiboaren aplikazioa litzateke.
Guztira, beraz, 4.010,33 euro.
Adierazi dugunez, gure Idearioan jasotzen denaren arabera:
“EE mugimenduan, pentsamendu bakar eta gero eta autoritarioagoaren atariko den ekonomia eta kultura globalizazioaren hedapenaren ondorioz nagusi den errealitate berriaz jabeturik eta, aldi berean, herri bezala pentsamendu bakar hori jasaten dugula konturaturik, ez dugu eredu hori onartzen eta Hegoaldearen gaineko Iparraldearen zapalketa deuseztatuko edo baztertuko duen garapenerako benetako hezkuntzaren aldeko hautua egiten dugu.
Elkartasunean, batik bat behartsuenen, gure elkarteetan bazterketa jasateko arriskua duten pertsonen aldeko elkartasunean, oinarritutako sentsibilizazio eta hezkuntzaren alde gaude…
OINARRIAK
- Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduko edozein taldek aurkeztuok ditu egitasmoak.
- EEB mugimenduko talde bakar batek ere ez badu egitasmorik aurkezten, EEBko zuzendaritza-taldea arduratuko da kanpoan egitasmoa bilatzeaz.
- Egitasmoaren oinarri ideologikoa eta helburuak bat etorriko dira EE mugimenduaren idearioarekin.
- Egitasmoak garapenerako lankidetzaren arlokoak izango dira eta horrela adieraziko da aurkeztutako eskaeran eta egitasmoan.
- Aurkeztutako egitasmoak garapen bidean dagoen edozein herrialdetara zuzen daitezke, herrialderik kaltetuenetako ekintzei lehentasuna emanez (kontsultatu, behar izanez gero, Giza Garapenaren Aurkibidean).
EBAZPENA
- Lankidetza eta garapenerako egitasmoetara zuzendutako aurrekontua aukeratutako egitasmoen artean banatuko da, bakoitzaren berariazko beharren arabera.
- Aurrekontuaren portzentajea zuzenduko zaion egitasmoa aukeratzeko talde arduraduna, garapenerako lankidetzarako EEB mugimenduko taldea izango da. Honako talderik ez badago, zuzendaritza-taldea arduratuko da, ‘gizarte’ taldearekin elkarlanean.
- Mugimenduko taldeek egitasmorik aurkezten ez badute, zuzendaritza-taldeak, garapenerako lankidetzarako taldearekin edo, ez dagoenean, ‘gizarte’ taldearekin batera, kanpoko egitasmoa bilatuko dute, beti ere oinarri hauek kontuan hartuta, eta hari zuzenduko diote aurrekontuaren portzentajea.
EPEAK
- Taldeek ekainaren 20ra arte aurkez ditzakete egitasmoak.
- Diru hori 2021 kurtsoaren amaieran baino lehen emango zaio taldeari.