BIZKAIKO AZKARRAK INGURUMEN BOLUNTARIOTZAN PARTE HARTU DUTE

Garain honetan ohikoa den bezala, Bizkaiko Gizarte Mahaiak Bizkaiko Azkarrentzat ingurumen boluntariotza antolatzen du. Proposamen honen helburua Azkarrak naturaren kontserbazioan eta zaintzan sentsibilizatzea eta esku hartzea da. Horregatik, hainbat jarduera antolatzen dira: landare inbaditzaileak kentzea, zaborra biltzea, zuhaitz autoktonoak birlandatzea…

Normalean, azkar guztiak toki berean elkartzen gara boluntariotza egiteko, baina, gaur egungo egoera dela medio, Azkarrak talde bakoitzak bere herriko inguruetan bildu du zaborra. Gizarte mahaitik ikusi genuen pandemiak garaian gure berdeguneetan jendetza areagotu egin dela eta baita aurkitu dezakegun zaborra ere.

“Nire ingurunea garbituz, gure planeta zainduz” lelopean, Bizkaiko  taldetako Azkarrek aurtengo ingurumen-boluntariotzan parte hartu dute. Otsaileko hainbat asteburutan, gazteek bere ingurune naturaleko zaborra bildu dute.

Horretarako, plastikozko poltsa birziklatuak eta birziklagarriak eta bilketarako eskularruak banatu ziren. Halaber, bilketaren aurretik sentsibilizatzeko eta testuinguruan kokatzeko jarduera bat proposatu zen. Alde batetik, gure ingurune naturalaz egiten dugun erabilerari buruz hausnartzeko eta bestetik, mural bat prestatu behar zuten mendian izan behar ditugun ohitura egokiak jarriz. Gainera, Fedeako mahaiak Amalurrarekin dugun erantzukizunari buruzko otoitza prestatu zuen. Bilketan ateratako poltsei egindako argazkien bidez, bildutako zabor litroak kalkulatu zituzten, naturan dugun eraginaz jabetzeko.

Partekatu!