Trebeek Beleneko Bakearen Argia jaso dute euren auzo eta herrietara eramateko

Joan den ostiralean, abenduaren 17an, Euskalerriko Eskautak Bizkaiako Trebeek eta elizbarrutiko gazte pastoraltzako talde batzuek Beleneko Bakearen Argia jaso zuten Bilboko San Nikolas elizan egin zen ospakizunean. Aurtengo leloa, “Argiaren berpiztea”, buru hartuta, ehunka gazte batu ziren gure lurraldean Argi horri ongi etorria egiteko.

Aurreko asteburuan, abenduaren 11 eta 12an, Bizkaiko Trebeak Euskalerriko Eskautak Arabako eta Nafarroako Eskaut Katolikoetako Trebeekin batu ziren Urduñan elkarrekin argiaren etorrera prestatzeko. Asteburu horretan ezagutu zuten argiaren benetako esanahia: ingurukoen bizitzako hobetzea eta haientzat argi izatea.

Ostiral honetan, elizbarrutiarekin batera ospatu nahi izan dugu Berri Onaren etorrera. Egoerak baldintzatutako ospakizunean, Sergio Buiza EEB-ko konsiliarioarekin batera ikusi ahal izan dugu argiak gure artean egin duen bidea, eta zer esan nahi duen guretzat: elkartea, familia, auzoa edo herria, laguntzea, ingurua hobetzea, azken finean.

Pandemiak baldintzatutako urtea bizi ostean, aurtengo leloa, “Argiaren berpiztea”, inoiz baino hobeto datorkigu. Ikusi dugu argia gure inguruan pizteko lana gure taldeen esku dagoela, eta horri esker, azken urtean hainbat proiektu jarri direla martxan gure auzo eta herrietan, gure elizbarruti osoan zehar.

Horrela, proiektu horiek buruan hartuta, Trebeek Beleneko Bakearen Argia euren parrokietara, adinekoen etxeetara, eskoletara eta euren inguruko beste gune batzuetara eraman dute. Eurek dira besteentzako argi, Aita-Ama Jainkoa denontzat argi den moduan, eta kandelak mundu osoan pizteko lanean lagundu dute.

      

Partekatu!