Euskalerriko Eskautak Bizkaia (EEB) probintziako herri eta auzo desberdinetako 2200 ume eta gazte ingururekin astialdiko heziketan lan egiten duen eta 300 boluntario inguru batzen dituen mugimendua gara. Gizarte eta hezkuntza mugimendu gisa, ETAren adierazpenaren harira, bere bukaera eta behin-betiko disoluzioa helarazten duen honetan,  gure ideario eskauta ozen entzun dadila nahi dugu. Horregatik, beste momentu askotan bezala, bake kulturaren aldeko gure apustua azpimarratu nahi dugu.

C.8. Benetako bakearen kulturaren alde gaude. Gizarte gatazkatsuan bizi diren gizon eta emakumeen osoko hezkuntza nahi duen mugimendu garenez, biziaren eta giza eskubideen eskubidearen aldeko jarrera argi eta naitaezkoa dugu, horien bortxaketa dakarren edozein jarduerari aurka eginez eta salatuz. Era berean, herrien eskubide kolektiboen alde egiten dugu eta indarkeriarik eza dugu gatazka.

EEB tolerantziaren, desberdina errespetatzearen, entzutearen, elkarrizketa eta adostasunaren alde gaude, bakea berdintasun eta bidezko garapenezko egoeratzat hartuz; desdoitze estrukturalen eta honek dakartzan indarkeria moten inpaktua txikiagoa izango den gizartea eraikitzeko bidetzat.

Behin-betiko disoluzio honen adierazpena berri itxaropentsua da. Urte asko irauten ari den gatazka honek gure mugimendu eta taldeen historia ari da markatzen; Era batean ala bestean, egiten dugun eta garen horretan eragiten du.

Elkarbizitza baketsu bat lortzeko, bakearen, adiskidetzearen eta barkamenaren bidean lan egin behar dugu. Bide luze eta neketsua izango da. Benetako bakeak adiskidetza behar du, eta era berean, gizartearen benetako aldaketa lortzeko behar duguna da. Jarrera horrekin, barkamenerako eta adiskidetzarako gogo horrekin, Jesus-en jarraitzaile eta eskaut garen neurrian, erreinuaren eraikuntzan parte har dezakegu. Guztiontzat nahi dugun mundu hobe horren eraikuntzan.

Adierazpen honekin, kolektibo moduan, errespetuan eta elkarrizketan oinarritzen den gizartearen bake eraikuntzan parte hartu nahi dugu. Bitartean, gure auzoetako eta gure taldeetako ume eta gazteak, bake, errespetu, bizikidetasun eta elkarrizketa baloreetan hezitzen jarraituko dugu.

 

“Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko” Mt 5, 9

EUSKALERRIKO ESKAUTAK BIZKAIA

 

Otoitza egiteko proposamena

Partekatu!