EUSKALERRIKO ESKAUTAK BIZKAIAK ETXEBIZITZAREN EGOERAREN AURREAN DUEN JARRERA HARTZEA
“Lan ezegonkortasunak eta, prezio altuak direla-ta, etxebizitza jadesteko izaten diren arazoek zailtasun handiak dakartzate gazteen burujabetze prozesuan” (Euskalerriko Eskauten Idearioa, Sarrera, 4. orrialdea)
Duela hogei urte baino gehiago, Euskalerriko Eskautak elkarteak bere Idearioan etxebizitza eskuratzeko zailtasunak gure gizartearen arazoetako bat bezala identifikatzen zuen. Gaur egun, errealitate horrek hor jarraitzen du, eta, gainera, larriagotu egin da. Euskal Soziometroaren 90. zenbakiaren arabera (2026ko azaroa), galdetutako herritarren % 72k etxebizitza Euskadiko arazo nagusietakotzat jotzen du, 2026ko ekainean egindako aurreko neurketan baino ehuneko hamabi puntu gehiago.
Alokairuen eta etxebizitza erosteko prezioen garestitzea, espekulazio inmobiliarioa eta prekarietate ekonomikoa zailtzen ari dira jende askok etxe duin bat izateko aukera izatea. Egoera horrek gure bizi proiektuak baldintzatzen ditu, emantzipazio prozesuak atzeratzen ditu eta desberdintasunak eta bazterketa egoerak sortzen ditu. Etxe bat izatea ez litzateke pertsona bakoitzaren gaitasun ekonomikoaren araberakoa izan behar, ezta gutxi batzuen esku dagoen pribilegio bihurtu ere.
Euskalerriko Eskautak Bizkaitik ulertzen dugu etxebizitza oinarrizko behar bat dela eta bermatu beharreko eskubide bat. Ezin dugu onartu bizitza duina garatzeko hain funtsezkoa den ondasun bat nagusiki negozio aukera bihurtzea. Gure ustez, politikek eta baliabideek pertsonen beharrak jarri behar dituzte erdigunean, bereziki egoera zaurgarrienean daudenenak.
Mugimendu hezitzailea, kristaua eta eraldaketa sozialarekin konprometitua garenez, ezin dugu errealitate horretatik kanpo geratu. Gure Idearioak gizarte kooperatibo bat eraikitzera gonbidatzen gaitu, non elkartasuna, justizia eta errespetua funtsezkoak diren, eta non pertsona guztien oinarrizko beharrak bermatuko diren, bazterketa egoerak bizi dituztenei arreta berezia eskainiz (c.6.).
Gure fededun aukeratik, Nazareteko Jesusen adibidea jarraitzen dugu, pertsona behartsuenak bere bizitzaren erdigunean jarri zituena. Horregatik, pertsonen errealitate eta arazoetatik hurbil dagoen Eliza baten alde egiten dugu, gehien behar dutenen zerbitzura egongo dena eta gure gizartearen bidegabekeriak ausardiaz salatuko dituena (b.10.).
Era berean, gure heziketa jarduna ezin da mugatu banakako prozesuak laguntzera, baizik eta pertsona kritikoak, konprometituak eta pertsonen benetako errealizazioa eragozten duten egitura sozial eta ekonomikoak eraldatzeko gai direnak hezten lagundu behar du. Hezteak ere esan nahi du inguruan ditugun bidegabekerien kontzientzia hartzea eta horiek aldatzeko kolektiboki jardutea.
Euskalerriko Eskautak Bizkaitik, pertsona guztientzako etxebizitza duina izateko eskubidearen aldeko konpromisoa adierazi nahi dugu. Horregatik guztiagatik, administrazio publikoei eskatzen diegu egoera honen erantzukizuna bere gain har dezatela eta etxebizitzaren inguruko politikak gara ditzatela, herritarren beharrei erantzuteko.
Datorren azaroaren 11ko greba orokorraren deialdiaren aurrean, eskaut mugimendua osatzen dugun pertsona guztiak informatzera, hausnartzera eta aldarrikapen egun honetan eta gure herri eta auzoetan deituko diren mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditugu.
Eskautak garen heinean, kolektiboaren indarrean sinesten dugu, parte-hartzean eta gure gizartea eraldatzeko konpromisoan. Ez dugu inguruan ditugun bidegabekerien ikusle hutsak izan nahi: gizarte justuago baten eraikuntzan inplikatu nahi dugu, non pertsona guztiek beren bizi-proiektua duintasunez garatu ahal izango duten.
Etxebizitza eskubidea delako, ez pribilegioa!
BIDEAN BETI PREST!







