Euskalerriko Eskautak Bizkaiko mahaiek beste urte handi bati amaiera eman diote

Euskalerriko Eskautak Bizkaiko mahaiek beste urte handi bati amaiera eman diote

2026-06-25 Berriak Nabarmena 0

Gizarte mahaia

Ikasturte honetan zehar, Gizarte Mahaiak sentsibilizazio eta konpromiso sozialeko hainbat ekimen bultzatu ditu. Hasteko, Gizaeguna antolatu dugu, aurten drogen kontsumoa prebenitzeko. Ondoren, Mintzaeskaut-a prestatu genuen, parte-hartzaileei frankismo garaiko euskararen errepresioaren errealitatera hurbiltzeko aukera eman ziena escape room baten bidez, lehen pertsonan egindako testigantzen bidez eta hizkuntza ohiturei buruzko gogoeta espazioen bidez. Ingurumen Boluntariotza ere koordinatzen dugu, Surfriderrekin elkarlanean Ereagako hondartzan hondakin bilketa batean, eta Korrikan aktiboki parte hartu genuen erakunde babesle gisa, Bilboko kaleetan zehar kilometro bat eginez.

 

Ingurune seguruko mahaia

Ingurune Seguruaren Mahaia mugimenduaren barruan babes eta tratu onaren kultura sendotzen jarraitzera bideratu da. Horretarako, EEBko monitore guztiek ingurune seguruan oinarrizko prestakuntza izatea bermatzeko lan egin dugu, ikasturtean zehar hiru prestakuntza eskainiz. Horrez gain, Entzungunea ezarri dugu Ingurumen Boluntariotza eta Gorka Deuna bezalako ekintza jendetsuetan, haur eta gazteei laguntzeko eta arreta emateko guneak indartuz. Halaber, aurreko ikasturtean haurren eskubideei buruz sortutako materialak zabaltzen jarraitu dugu, eta haurren parte-hartzeari buruzko prestakuntzan sakondu dugu, ikuspegi hori zeharkako moduan mugimenduaren jarduera guztietan txertatzen jarraitzeko.

Admin Mahaia

2026 honen errepaso txiki bat eginez, hau da nabarmenena:

  • Taldeengandik hurbilago: Taldearekin kontaktu estu batekin hasi dugu ikasturtea, zelaien zerrenda eguneratzeko eta paperak arintzen jarraitzeko. Kudeaketa-bolumen handia da, baina ixtear gaude.
  • Eredu Ekonomiko eguneratua: Aurten berrikuspena tokatzen zen eta dagoeneko osatu dugu. Eredua eguneratu dugu, egungo errealitateari hobeto erantzun diezaion, eta azaroko Asanbladan aurkeztuko dugu.
  • Giro ona: Sintonia onarekin eta modu produktiboan lan egiteak zenbakiek eta burokraziak askoz gutxiago pisatzen dute.

Oraintxe bertan datorren ikasturteko erronketan jarrita daukagu burua eta abiatzeko gogo handia, baina lehen… gelditzea, kanpamenduez gozatzea eta atseden hartzea tokatzen da.

 

Komunikazio Mahaia

Komunikazio Mahaiak balantze oso positiboarekin amaitu du urtea. Ikasturte hau helburu argi batekin hasi zen: mugimendua ikusaraztea. Gorka Deuna promozionatzeko bideoak, hozkailutik eskaut gauzak ateratzea edo wrapped-a izan dira ordezkaritzako talde honek eman zituen ideietako batzuk, herritarrak Bizkaiko eskultismora hurbildu daitezen bere 60. urteurrenean.

Gainera, aurrera egin dute dokumentu bat berrikusten, komunikazio-txostena, taldeei bidaltzeko eta kargu hori egituratuagoa eta egunerokotasunean agerikoagoa izan dezaten.

Azkenik, datorren ikasturterako erronka gisa, gune batzuetan mahaiaren presentzia indartzea, posizionamendu ideologikoak bultzatzea eta ikasturte honetakoak bezalako eduki gehiago egitea espero dute, bizkaitarrek Euskalerriko Eskautak Bizkaia ezagut dezaten.

Heziketa mahaia

Azken hilabete hauetan, Heziketa mahaia gure mugimenduko heziketa-esperientzia desberdinak zaindu, egokitu eta hobetzeko  buru-belarri aritu da lanean. Taldeei zuzenean laguntzeko asmoz, martxoko formakuntza-jardunaldietan murgildu ginen, Errealitatearen Analisia diseinatuz eta dinamizatuz, taldeei beren inguruneak hobeto ulertu eta horietan eragiteko oinarri sendoagoa emateko. Zerbitzu-bokazio horrekin berarekin, datorren ikasturtea prestatzen ari gara jada, laguntza lehen minututik igarri dadin, eta horretarako, iraileko begirale berrien prestakuntzari buelta bat ematen laguntzen ari gara.  

Aldi berean, oinarrizko lanak erritmo onean jarraitu du gure gune espezifikoenetan. Adarren mahaian, taldeen sinbologiaren berrikuspenarekin aurrera egiten jarraitu dugu, prozesu honetara gehitzeko falta zirenei bidelagun izanez eta haiekin batera hurrengo urratsak emanez.

Bestalde, helduen mahaitik Hasiera etapa (gure formakuntza-prozesuko lehen fasea) berrikusteari ekin diogu. Pixka bat arakatzen hastean, gaiaren tamainaz ohartu gara, eta argi ikusi dugu taldeen etorkizunerako hain ezinbestekoa den zerbait ezin dela ateak itxita eraiki. Horregatik, datorren ikasturterako erronka prozesu hau mugimendu osora nola zabaldu hausnartzea izango da. Helburua bideak erraztea da, taldeak eurak ere prozesuaren berrikuspenean aktiboki inplika daitezen; horrela, lortuko dugun emaitza guztion artean eraikitako tresna bat izatea bermatuko dugu, lantaldeen errealitatea benetan entzun eta erantzungo duena.

 

Fede mahaia

Ikasturtea erronka handi batekin hasi zen Fedearen Mahaiarentzat: arduradun berri bat aurkitzea. Behin pertsona hori taldera batu zenean, lehen helburuetako bat mahaia indartzea izan zen, kide berriak gehituz eta lanerako gaitasuna nahiz ikuspegi berriak zabalduz.

Urtero bezala, mahaiak funtsezko zeregina izan du mugimenduko jarduera ezberdinetako eukaristiak eta otoitzak prestatzen eta dinamizatzen. Egindako ekintzen artean, bereziki aipagarriak dira EEBren 60. urteurrena ospatzeko Gorka Deunan egindako ospakizuna eta Bizkaiko LPBren prestaketa eta antolaketa.

Era berean, mahaiak ezinbesteko ekarpena egin du ikasturte hasieran banatu ziren Fedearen Pedagogiako materialen prestaketan. Lan horri esker, begiraleek baliabide eta tresna egokiak izan dituzte urte osoan zehar kalitatezko programazio bat planifikatu eta garatzeko. Hain zuzen ere, Fede eguna ospatu zen Fedearen Pedagogiako material horiek ezagutzera eman eta azaltzeko, eta oso balorazio ona izan zuen.

Si continúas usando este sitio, aceptas el uso de cookies. Más información

Los ajustes de cookies en esta web están configurados para «permitir las cookies» y ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues usando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en «Aceptar», estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar