Mintza Eskaut bat, escape room formatuan
Aurten ere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, gure ohiturari eutsiz, Mintza Eskauta ospatu dugu abenduaren 4an. Ekitaldi honek urteak daramatza gure artean hizkuntza ohiturei, hausnarketari eta bizipen partekatuari lekua eskaintzen, eta aurtengoa, gainera, berezia izan da: escape room formatuan antolatu dugu.
Mintza Eskautaren dinamikan zehar hiru geletatik igaro gara. Gela bakoitzean giroa berotzeko joko labur batekin hasi gara, eta ondoren, euskararekiko bizi-esperientzia pertsonalak partekatzen zituzten testigantzak entzuteko aukera izan dugu. Hitz horiek gidari izan ditugu ondorengo jardueretan.
Lehenengo geletan, parte-hartzaileek denbora-lerro bat marraztu dute, norberaren bizitzan zehar euskararen erabilerak izan duen eta izango duen bilakaera irudikatzeko: jaiotzatik gaur arte, eta gaur egunetik etorkizun hurbilera begira. Ariketa honek norberaren hizkuntza ibilbidea modu kontzientean aztertzeko aukera eman du.
Hirugarren gelan, dinamika berezi batek itxi du ibilbidea. Jolasa eta testigantza entzun ostean, guztion artean “euskararen basoa” irudikatu dugu: basoko elementu bakoitza euskararen euskarri, sostengu edo indargune baten sinbolo bilakatuz. Irudi kolektibo honek gure hizkuntzarekiko lotura eta ardura modu bisual eta metaforikoan islatu ditu.
Bukatzeko, denon arteko hausnarketa bat egin dugu bizitako esperientziaren inguruan, eta etorkizunera begira hartu nahi ditugun konpromisoak partekatu ditugu. Euskararen aldeko jarrera aktiboa sendotzeko tarte ederra izan da.







