Gorka Deunan 60. urteurrena ospatzeko hilabete bat falta da
Apirilaren 26rako hilabete batera gaude, Bizkaiko eskauten talde guztiak Gorka Deuna ospatzeko berriro elkartuko garen egunera, aurten Bilboko Doña Casilda parkean. Baina aurtengoa ez da nolanahiko hitzordua: Euskalerriko Eskautak Bizkaiak 60 urte bete ditu!
Sei hamarkada daramatzagu aisialdian hezten, gure auzo eta herrietako haurtzaroarekin eta gaztaroarekin konprometituta. Hirurogei urteko bide partekatua Beti Prest ekimenaren pean, beti prest gure ingurunea zerbitzatzeko eta eraldatzeko.
“Izana ospatu, izatea bilatu” lelopean, garena eraikitzen jarraitzeko nondik gatozen ospatu nahi dugu aurten. Bizkaiko 30 taldeetako 2.500 pertsona baino gehiago elkartuko gara Bilbon, jardueraz eta topaketaz betetako egun batez gozatzen.
Laster emango dizkizuegu jardunaldiari buruzko xehetasun gehiago, baina oraingoz…
Hemen duzue kartel ofiziala! Adi egon, apirilaren 26ra arte!







